25/04/2008 - 15:30
Langabezia tasa 6,98 puntukoa da Arrasaten
Martxoan aurreko hiruhilekoan baino 64 langabetu gehiago erregistratu dira Arrasaten eta guztira 808 langabetu daude. Honekin, langabezia tasa 0,56 puntu igo da azken hiruhilekoan eta 6,98 puntukoa da.
Urtebeteko epeari begiratzen badiogu, 2007ko martxoan baino 136 langabetu gehiago dago, eta langabezia tasa urte betean 1,18 puntu igo da.
Sexuaren arabera begiratuz, iazko martxoarekin konparatuz emakumezkoen nahiz gizonezkoen langabezia tasak igo egin dira: 1,13 puntu lehena eta 1,14 puntu bigarrena. Aurreko hiruhilekoari erreparatuz gero, 40 emakume eta 24 gizonezko langabetu gehiago daude. Honela, langabe guztien %59,16 emakumezkoak dira eta % 40,84 gizonezkoak.
Adinari dagokionez, multzorik handiena 25 eta 44 urte bitartekoek osatzen dute; ikasketen arabera, eskola graduatua edo gutxiagoko tituludunak; sektore ekonomikoen arabera, zerbitzutakoak eta industriakoak dira nagusi; maila profesionalari dagokionez, batez ere, kualifikaziorik gabeko langileak.
Datuak Inemeko Gipuzkoako Zuzendaritzak eman ditu, eta lan eskatzaile aktiboei dagozkie. Populazio aktiboa, Eustateko datuen arabera, 11.571 pertsonakoa da, horietatik 4.832 emakumezkoak eta 6.739 gizonezkoak dira, eta datu horietan oinarrituta dago langabezia tasa.
|