castellano ˇ Web mapa ˇ e-posta  
 
  UDALA  Hemen zaude:   Sarrera »  Udala »  Txostenak, ikerketak, estatistikak, ... »  Euskara »  EUSKARAREN KALE ERABILERA ARRASATEN 1988-2007 ALDIAN
»

EUSKARAREN KALE ERABILERA ARRASATEN 1988-2007 ALDIAN

_____________________________________________________
SARRERA

Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Horixe da, behintzat, kalitatea ardatz duten kudeaketa sistemen irizpideetako bat. Errealitate bat neurtzea, ordea, ez da erraza edo, hobeto esanda, errealitatearen neurketa fidagarriak egitea ez da erraza. Are gutxiago baliabideak urriak direnean.

Euskararen kale erabilera da gure hizkuntza egoera aztertu eta neurtzeko adierazle nagusia, euskararen ezagutzarekin batera, eta euskararen egoera hobekien islatzen duen adierazlea, ziur aski. Badira beste hainbat datu (ikastetxeetako ikas ereduetako matrikulazioak, euskaltegietako ikasle kopurua...) herriko hizkuntza egoera ezagutzeko baliagarriak direnak. Hala ere, euskara normalizatzeko ahaleginen ondorioak eta denborarekin ematen diren aldaketak eguneroko erabileran islatzen dira, herriko kaleetan, besteak beste. Kale erabileraren neurketak, hortaz, errealitate horren berri ematen digu modu zuzen eta objektiboan. Euskararen kale erabilerako datuek, bestalde, badute beste berezitasun bat: behaketa zuzenaren bidez lorturiko datuak izatea, hain zuen. Izan ere, hizkuntza egoerari buruz ematen diren datu gehienak, oro har, hiztunek inkestetan aitorturiko datuak dira (erroldakoak, inkesta bidezko ikerketak, etab.). Hau horrela da, besteak beste, erabilera modu errealean neurtzea ez delako erraza izaten.

Azkenik, esan beharra dago zaila dela, edozein kasutan ere, neurketetako kale erabilerari buruzko datuak interpretatzea eta ondorio garbiak ateratzea. Hortaz, bada, sarri askotan lan hipotesi moduan ulertu behar dira datuon azterketako emaitzak.

_____________________________________________________
METODOLOGIA

Kaleetan dabilen jendeak zein hizkuntza erabiltzen duen jakitea da neurketaren helburua. Neurketa, beraz, ez da, inkesta edo elkarrizketa bidez, leku publikoetan zein hizkuntza erabiltzen duen egindako galderari jendeak eman dion erantzuna.

Ezarritako helburuak lortzeko erabiltzen den teknika neurketa objektibo exhaustiboa da. Neurketaren esparrua Arrasate da eta unibertsoa bi urtetik gorako arrasatearrak. Lagina unibertsoaren %20tik gorakoa izaten da. Laginketa mota, berriz, estratifikatua, auzo eta adin taldearen arabera.

_____________________________________________________
EUSKARAREN KALE ERABILERA ARRASATEN 1988-2007 ALDIAN

Arrasateko Udalak, 1988tik hona, euskararen kale erabilera neurtu du urtero eta hartarako Siadecok asmatutako metodologia erabili du. Izan ere, euskararen kale erabilera Arrasateko hizkuntza egoeraren adierazle nagusietako bat da, euskararen ezagutzarekin batera.

Euskararen kale erabilera urtero neurtzen dugun arren, kale erabilera ez da urtetik urtera alda daitekeen aldagaia. Erabileran eragiten duten faktoreen eta hizkuntza politika jakinen ondorioak epe ertain-luzera islatzen dira kale erabileran. Hauexek dira, bada, Arrasateko euskararen kale erabilerari buruzko ondorioak:

- Arrasateko kaleetan gertatzen diren hiru elkarrizketatik bat euskaraz izaten da.
Arrasateko kaleetan 2006-2007 aldian egindako neurketetan, hiru elkarrizketatik bat euskaraz izan zen. Izan ere, aldi horretan neurtutako elkarrizketen %31 euskaraz zen.

- Oso handia da euskararen kale erabilerak 1988-2007 aldian Arrasaten izandako hazkundea.
Oso baikorra da kale erabilerak 1998-2007 aldian izan duen bilakaera. 1988tik hona bikoiztu baino gehiago egin da: %14tik %31ra pasatu da.

- Aspaldiko urteotan moteldu egin da euskararen kale erabileraren hazkundea.
1988tik hona euskararen kale erabilera asko hazi bada ere, azken urteotan hazkundea oso motela izan da.

Alabaina, erabilera adin taldeka aztertuz gero, ikusten da haurren eta gazteen erabilerak hazkunde handia izaten jarraitzen duela. Hazkunde horrek, ordea, eragin txikia du Arrasateko erabilera orokorrean, haurren eta gazteen proportzioa oso txikia baita Arrasateko biztanlerian. Helduen erabilerak ere jarraitzen du hazten, oraindik Arrasateko batezbesteko erabileraren azpitik badago ere.

- Haurrak eta gazteak dira kalean euskaraz gehien egiten dutenak.

Haurrak dira (2-14 urte) kalean euskaraz gehien egiten dutenak. Orain arte egindako neurketa guztietan haurrak izan dira beti erabilera mailarik handiena izan dutenak. Gaur egun ?2006-2007 aldian, alegia? %48koa da haurren kale erabilera. Gazteen erabilera ere oso handia da. Gainera, gero eta txikiagoa da haurren eta gazteen erabilera mailen arteko aldea.


Jose Felix Diaz de Tuesta-Nerea Zubia
Euskara Zerbitzua
Arrasate, 2007ko martxoa


ARRASATEKO UDALA    Herriko Plaza, z/g 20500 Arrasate (Gipuzkoa)    Tel.: 943 252000
udala@arrasate-mondragon.net

Code & Syntax-ek garatutako webgunea Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA | es