Euskararen ezaguera Arrasaten (1981-2001)
_______________________________________________________________
SARRERA
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egindako azken euskarari buruzko galderak sartu dira. Horri esker, EAEko biztanleen hizkuntza gaitasunaren eta ama hizkuntzaren berri jakiteko aukera dugu, besteak beste. 1981ean egindako udal erroldan jaso ziren lehen aldiz EAEko biztanleen hizkuntza gaitasunari buruzko galderak. Geroztik bost urtean behin egin dira biztanleen udal erroldak.
EUSTATek udal erroldaren bidez bildutako datuei esker, beraz, badakigu zein bilakaera izan duen Arrasateko biztanleen hizkuntza gaitasunak azken 20 urteotan. Izan ere, dagoeneko lau udal erroldako datuak dauzkagu, adinaren eta sexuaren arabera jasotakoak. Biztanleen hizkuntza gaitasunari buruzko datuez gainera, haien ama hizkuntza eta familiako hizkuntza erabilerari buruzko datuak dauzkagu.
___________________________________________________________________
EUSKARAREN EZAGUTZA ARRASATEN 2001ean
Arrasaten 23.118 lagun bizi ziren 2001ean, urte horretan egindako udal erroldaren arabera. Horietatik erdiak baino gehixeago euskaldunak ziren; lautik batek ez zekien euskaraz; eta, %18k zerbait bazekien. Alabaina, adinaren arabera asko aldatzen da euskararen ezagutza: haurren %86k daki euskaraz, gazteen %88k, helduen %44k eta adinekoen %52k (ikusi taula).
Auzotik auzora, ordea, euskaldunen dentsitatea oso ezberdina da (ikusi taula). Erdialdea da Arrasateko auzorik euskaldunena: Arrasateko hiru euskaldunetik bat auzo horretan bizi da. Auzorik erdaldunena, berriz, Santa Marina da.
Bestalde, esan beharra dago Arrasate dela Debagoieneko herrietan euskaldunen portzentajerik txikiena duena (ikusi taula). Bestalde, Debagoieneko biztanleen %66 euskaldunak diren bitartean, Arrasateko euskaldunen portzentajea %56 da.
_______________________________________________________________
EUSKARAREN EZAGUTZAREN BILAKAERA ARRASATEN 1981-2001 ALDIAN
Goian esan bezala, 1981eko udal erroldan sartu ziren lehenengo aldiz euskarari buruzko galderak. Geroztik, bost urtean behin jaso dira EAEko udalerrietako hizkuntza gaitasunari buruzko datuak. Azkenak 2001ekoak dira.
Aldi horretan -1981etik 2001era bitarteko aldian, alegia- asko aldatu da Arrasateko biztanleria, bai biztanle kopuruari dagokionez bai egitura zein beste ezaugarri batzuei dagokienez ere. 1981 urtean 26.045 biztanle zituen Arrasatek; 2001 urtean, berriz, 23.118. Gaur egun Arrasaten bizi diren herritarren %18 inguru 1981 urteaz geroztik jaio da. Are gehiago, gehienek euskaraz ikasi dute eskolan; D edo B ereduan. Bestalde, oso handia izan da aldi horretako biztanleen emana: 5.000 lagun ingururu etorri dira Arrasatera, bizi izatera; halaber, 8.500 lagun inguru joan da Arrasatetik beste norabait bizi izatera.
Azken urteotan behera egin du Arrasateko biztanleen kopuruak: 1981-2001 aldian 2.927 biztanle galdu zituen Arrasatek. Gainera, ematen duenez, beheranzko joera hori ez da oraindik gelditu. Euskararen ezagutzaren bilakaerari dagokionez, ordea, euskaldunen kopuruak gora egin du Arrasaten 1981etik hona; erdaldun elebakarrenak, aldiz, behera. Hogei urteotan, Arrasatek 2.704 euskaldun irabazi zituen. Bestalde, 1981ean Arrasateko biztanleen %39 euskaldunak ziren bitartean 2001ean %56 ziren euskaldunak. Hortaz, bada, 17 puntu hazi zen euskaldunen portzentajea Arrasaten (ikusi taula). Edonola ere, hazkunde horren erritmoa motelduz doa, jaiotza tasa asko jaitsi delako 1981etik hona: hainbesteraino moteldu da, ezen 1981etik 1996ra bitartean, urteko puntu bat hazi zen euskararen ezagutza, eta azken bost urteotan, puntu erdi urteko.
Adin talde guztietan eman da euskararen ezagutzaren hazkundea, adinekoen taldean izan ezik. Gazteen taldea da gorakadarik handiena izan duena: gazteen ezagutza maila ia hirukoiztu egin da. Haurren ezagutza maila ere asko hazi da.
Hezkuntza sistemaren euskalduntzeak eragin handia izan du euskaldunen kopuruaren hazkundean. Izan ere, gaztelania edo beste erdararen bat ama hizkuntza duten haurren %84 eta gazteen %77 euskaldunak dira. Helduen eta adinekoen kasua ezberdina da: berez asko dira euskara ikasi duten helduak eta adinekoak, baina haur-gazteak baino askoz gutxiago. Euskara ama hizkuntza ez duten helduen eta adinekoen %15 dira euskaldunak. Bestetik, 1981etik 2001era bitartean haur eta gazte euskaldunen portzentajea bikoiztu egin zen. Hogeita bost urtetik gorako biztanleetan ere hazi egin zen euskaldunen portzentajea, baina hazkundea askoz txikiagoa izan zen, %41etik %46ra baino ez zen pasatu eta (ikusi taula).
Hezkuntza sistemari esker -eta, hein txikiagoan, helduen euskalduntzeari esker-, gero eta handiagoa da euskaldun berrien kopurua eta portzentajea euskaldunen artean. 2001ean Arrasaten bizi ziren 12.660 euskaldunetatik 3.207 euskaldun berriak ziren, hau da, euskaldunen %25. Bestetik, hamar haur eta gazte euskaldunetik lauk zuten gaztelania ama hizkuntza. Helduetan, berriz, euskaldun berrien proportzioa asko jaisten zen, heldu euskaldunen %20 baino ez baitzen euskaldun berri. Are txikiagoa zen euskaldun berrien garrantzia 65 urtetik gorako euskaldunetan (ikusi taula).
Euskaldun berrien ugaltzeari esker, Arrasateko hizkuntza egoera irauli egin da, duela urte batzuk inork ezin espero zuen zabalkundea lortzera iristeraino. Hizkuntza egoeraren aldaketa onerako izan da, jakina: Arrasateko hizkuntza egoera hobea da orain duela urte batzuk baino. Alabaina, euskaldun berrien ugaltzeari esker euskaldunen kopurua hazi izanak beste aldaketa bat eragin du: gero eta gehiago dira gaztelania ama hizkuntza duten euskaldunak eta, beraz, gero eta gutxiago dira euskaraz gaztelaniaz baino errazago hitz egiten duten euskaldunak. Ildo horretatik jarraituz, Hizkuntza Politikarako Sailordetzak egindako Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestaren arabera, EAEko euskaldunen heren batek baino ez du euskaraz hitz egiten gaztelaniaz baino errazago. Hau da, euskaldunen kopuruak nabarmen gora egin duen arren, euskaraz gaztelaniaz baino errazago hitz egiten duten elebidunen kopurua ez da hainbeste hazi. Gauzak horrela, euskal hiztunen artean gertatzen ari den aldaketa kualitatibo horrek eragin zuzen-zuzena du euskararen erabileran. Izan ere, inkesta soziolinguistikoek eskainitako datuetan oinarriturik egindako azterketen ondorioek argi eta garbi erakutsi dute bi faktore direla, batik bat, euskararen erabileran eragiten dutenak: harreman sareko euskaldunen dentsitatea eta norbanakoen ezagutza erlatiboa (euskaraz gaztelaniaz baino erraztasun handiagoz hitz egiten duen). Hortaz, bada, ezinbestekoa da euskaldunberriek bere seme-alabei euskara etxean transmititzea, aurrerantzean euskararen ezagutza erlatiboa hobetuko bada eta, ondorioz, euskararen erabilera ere handituko bada.