Parkeak
MONTERRON JAUREGIA ETA PARKEA
Zurginkantoiko atearen pare parean,errepidearen beste aldean XVII.mendean eraikitako lauki tankerako jauregia dago. Barroko herreriano estilokoa dela uste da, soila, apaindura gabekoa bait da eta balkoietan burdin sareak bait ditu. Jauregiaren aurrealdea harlanduzkoa da eta bi armarri daude fatxadan, Andikano Zelaarrena bat eta Aranguren Unzuetarrena bestea. Antzinako sarrera nagusia kate sendo batzuk babesten dute eta gaur egungo sarrera parean, Marta Medici argentinarrak 1986.ean eginiko eskultura bat dago kokatua.
Parkea, antzina lorategia zen. Nahiko handia da eta bertan espezie botaniko ugari aurkitzeko aukera dago (gaztainondoak, pagoak, haritzak, plataneroak, magnoliak,…). Badira urte asko dituzten zuhaitzak ere, adibidez eszenategiaren alboetan aurki daitezkeen sekuoia erraldoia, Euskal Herriko Zuhaitz berezien artean sailkatua.
SANTA BARBARA PARKEA
Arrasateko alde zaharra babesteko erabilitako mendixka da Santa Barbara eta gaur egun parkea da. Antzina, gaztelu bat eraiki zuten mendixkaren puntu altuenean, Goikobalun. 1994. Urtean Aurkitutako gazteluaren lau dorreen oinak daude ikusgai. Goikobalun bertan Arrasateko kondairaren protagonista den dragoiaren brontzezko eskultura dago. Honetaz aparte, Santa Barbara, zuhaitz eta landarez betetako parajea da eta paseatzeko leku zoragarria.