castellano ˇ Web mapa ˇ e-posta  
 
  ARRASATE  Hemen zaude:   Sarrera »  Arrasate »  Hizkuntza
»

Hizkuntza

Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza, gaur egun gure esku dauden datuen arabera. Izan ere, hizkuntzalari gehienen iritziz, Historiaurretik gaurdaino Mendebal Pirinioetako bi aldeetan bizi izan diren herrien hizkuntza izan da euskara. Alabaina, kanpotik etorritako hizkuntza asko hitz egin izan dira Euskal Herrian: iberiera, zeltera, zeltiberiera, latina, arabiera, hebraiera, okzitaniera, gaztelania eta frantsesa, bai, gutxienez.

Euskara Arrasateko biztanleen lehen hizkuntza izan zen XX. mendera arte. Arrasateri buruz datu zehatzik ez badugu ere, Gipuzkoako eta Arrasateko egoera soziolinguistikoak antzeko samarrak zirela emanda, esan daiteke XIX. mendearen erdialdean arrasatearren %96ak euskaraz zekiela. Garai horretan oso gutxi izango ziren gaztelaniaz bakarrik zekiten arrasatearrak. Handik ehun urtera, hainbat faktoreren eraginez, Arrasateko euskaldunen portzentaia erdira etorrita zegoen.

Gaur egun Arrasateko biztanleen %56 dira euskaldunak, 2001ean EUSTATek egindako errolda/zentsuaren arabera. Alabaina, adinaren arabera asko aldatzen da euskararen ezagutza : haurren %86k daki euskaraz, gazteen %88k, helduen %44k eta adinekoen %52k. Era berean, auzotik auzora ere oso desberdina da euskararen ezagutza: erdialdea da Arrasateko auzorik euskaldunena eta Santa Marina erdaldunena.

Zein da, baina, euskararen erabilera Arrasaten? Arrasateko Udalak 1988tik 2007ra bitartean urtero neurtu du euskararen kale erabilera. Neurketa horien arabera, euskararen kale erabilerak hazkunde handia izan du aspaldiko urteotan. Izan ere, lehenengo neurketan kaleko elkarrizketen %14 izan ziren euskaraz; azkenekoan, berriz, %31.


ARRASATEKO UDALA    Herriko Plaza, z/g 20500 Arrasate (Gipuzkoa)    Tel.: 943 252000
udala@arrasate-mondragon.net

Code & Syntax-ek garatutako webgunea Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA | es