castellano · Web mapa · e-posta  
 
  ARRASATE  Hemen zaude:   Sarrera »  Arrasate »  Hezkuntza »  Hezkuntza Arrasaten (100 urteko ibilbidea)
»

Hezkuntza Arrasaten (100 urteko ibilbidea)

Arrasate herriak betidanik hezkuntza arloarekin sustrai historikoak izan ditu eta esparru honetan oso herri ekintzaile izan da.

XX. mendearen hasieran eskola-aurrea bi lekutan ematen zen:bata, Ospital zaharrean moja mertzedarioen eskutik eta bestea, Eskola txikian deritzan,gaur egun, Erdiko kale 21eko tokian, hain zuzen ere, Maxima Herizen eskutik.

Hamalau urte arteko irakaskuntza ikasteko aukera bi zeuden: Udaleko eskoletan eta Biteri eskoletan. Udaleko eskola udaletxean bertan zegoen, ezkerraldeko azkeneko balkoian kokatzen zen eta gero azoka plazan zein Zarugalde aldean, eskola haien maisurik ezagunenak Urrutia eta Portillo abizenekoak izan zirelarik.

Biteri eskolei dagokienez, Pedro Viteri Arana arrasatearrak (1833-1908) 1902. urtetik 1908. urtera Gipuzkoan aurrera eraman diren ekimen filantropikorik emankorrenetarikoak burutu zituen, epe horretan bere ondarearen konturam, lehen hezkuntzako 10 eskola libreak, eskolarizazio mistoan, eraiki zituelako. Arrasatekoa eraiki zuen lehena izan zen, 1902. urtean, hain zuzen ere, eta geroago Hondarribia, Errenteria, Pasai Antxo, Pasai Donibane, Irun, Donostia, Aretxabaleta, Hernani eta Urnietakoak . Horretarako, gaur arte iraun duen Biteri Fundazioa sortu zuen 200.000 pta jarriz eta dirutza horren interesekin hiru irakasleren soldatak ordaintzen zituen.

Honetaz gain, bere diruaren kontura ere, herriko azoka eraikitzea, Garibai jaio zen etxearen birreraikitzea burutu zituen eta baita neurri handi batean Zaldibar frontoiaren eraikitzea ere.

Izan ere, eskola hauetan bere sorreratik Felix Arano Maisuak, mutilekin, eta bere emaztea Teresa andereak, neskekin, egindako lan pedagogiko eskerga, utzitako oroitzapenak eta sorturiko eskola zein metodoa ( buruzko kalkulua) Arrasate herriko historiaren gomutan gelditu dira.

Arrasateko langileen prestakuntzarekin kezkatuta Union Cerrajerak 1911. urtean marrazketa eskola sortu zuen, marrazketa lineala eta teknikoen eskola Biteri eskolan eramaten zen, goiko solairuan, Armengou maisuaren eskutik, arratsaldeko 7etatik 9etara, bertara marrazketa mota honen garrantziaz oharturik eta lanpostua hobetzeko helburuz, lan egin ostean langile asko hurbiltzen ziren.

1923. urtean, Musakola auzoan eskola unitarioa eraiki zen eta erdigunean Gazteluondokoa (1931. urtean). Errepublika garaian, Gipuzkoako Aldundiak bideraturiko "Gipuzkoako auzo eskolen proiektua"ren barruan, Udala auzoko eskola eraiki zen 1934. urtean. Geroago, Gesalibar, Garagartza eta Bedoņa auzokoak.

Errepublika garaian (1931-1936) kristau sustraiko eskola bat 1932. urtean sortu zen herrian, abade etxean eta Maalako errabalan zegoen Batzoki zaharreko frontoian ematen zen eskola, 80ren bat ikasle zuen, hainbat ikasgai euskaraz ematen ziren eta irakasleak Patxi Mendizabal, Juan Mari Zaitegi eta Juanito Etxeberria izan ziren. Gogoratzekoa da, Jose Markiegi abadeak antzeslanak prestatzen eta Leandro Guridi abadeak dotrina ematen egindako lanak, gero bi abade hauek 1936. urtean Oiartzunen fusilatu egin zituen ejertzito frankistak.

1939. urtean gerra zibila bukatutakoan, nazional katolizismoaren edukietan, arauetan eta jarreretan oinarrituriko eskola eredua ezarri zuen erregimen garaileak: konfesionala, elebakarra(gazteleraz) eta baloreetan inposatzailea, eskola mota honen eragina hainbat belaunalditan eta denbora luzaz, frankismoaren garaian, (1939-1975) eta deituriko iragaite aroan (1976-1980) islada nabarmena izan bada ere, aro beltz eta mugatu honetan eskola guztiak arian arian beren nortasuna garatzen eta ekimen eraldatzaileak sortuz joan dira.

Gogoan izatekoa da garai hartan Union Cerrajeraren babesean, 1939. urtean sorturiko "Escuela de Aprendices"a, bere aitzindari izaeragatik, bertan industri maisutza ikasketak egiten hasi baitziren Arrasaten. Geroago, indar sozialak animatu eta konbentzitu ostean eskola honetako irakaslea zen, Arrasateko esperientza kooperatiboaren sortzailea eta bultzatzailea izan zenak, Jose Maria Arizmendiarretak hain juxtu ere, 1943. urtean, Eskola Profesionala sortu zuen. Eskola hau lan mundurako Debagoieneko horrenbeste belaunaldi eta koadro teknikoak hezi dituen Eskola Politeknikoa bilakatu zen, zeinak 1968. urtetik injinerutza ikasketak emateko baimena lortu zuen eta egun, Mondragon Unibertsitatearen eta Garaia Proiektuaren hazia bihurtu dena.

Bost urteren buruan Aprendiz Eskolan Industri Maisutza egin zuten 11 ikaslek Zaragozako Peritu Eskolan Peritutza Industriala libretik egitea lortu zuten eta gero hauetatik bostek lehen industria kooperatiba sortu zuten 1956. urtean (ULGOR kooperatiba elkarte industriala), gertaera honek, herrian, denboraren poderioz sekulako eraldaketa industriala eta soziala eragin dituelarik.

Arrasateko hezkuntzaren historiaren joanean, San Viatorren klerigoek, 1938. urtez geroztik herrian, mutilekin, eskolaratze mistoa ez baitzegoen, garaturiko hezkuntza ibilbidea, Colegio San Josek, lehen "Centro Escolar Bolivar"zenak, 1961-1962 ikasturtean oinarrizko batxilergoa emateko baimena lortu zuen eta 1965-1966 ikasturtean goi batxilergoa ematekoa. Geroago, belaunaldi ugari hezi dituen Arrasate Pasealekuko ikastetxeak 1967. urtean bere ateak zabaldu zituen eta 1984.urtean ikastetxea San Viator ikastola bilakatu zen.

Era berean, Mertzedarietako Andra Mariaren mojek, 1892. urtetik Arrasaten, neskeekin jarduera pedagokikoari dagokionez, Ospital zaharrean emandako ikasturteak aipatzekoak dira, batxilergo ikasketak egiteko nesken belaunaldi mordoa bertan eskolarizatu baitziren, oraindik ere, gaur egun, eskolarizazio mistoarekin La Merced ikastetxeak jarraitzen du bere hezkuntza jarduera 1969. urtean eraikitako ikastetxe berrian.

Ezin ahaztu XX. mendean zehar Kontzeziņoaren orden erlijiosoak (1977. urtean itxita eskola) eta Asunzionaren orden erlijiosoak (1991. urtean hezkuntza jarduera bertan behera utzi zuen) garaturiko ibilbidea, Arrasateko makina bat nesken belaunaldi orden erlijioso hauekin hezi baitziren.

1967. urtean San Frantzisko Xabier ikastolaren sorrerarekin aldaketa sakona ematen da Arrasateko hezkuntza historian, herri ekimenak bultzaturiko proiektuak, hezkuntza jardueraren ardatz eta tresna, euskara bihurtu zuelako. Frankismoaren garaian egonik, juridikoki Parroki Eskola edo Katekesi bezala eratu zen ikastola, hasiera batean, Arrasateko Parrokoa Jose Luis Iņarra titular gisa agertzen bazen ere, beranduago Udalak ikastolaren kudeaketa eramateko Patronato bat eratu zuen eta 1973. urtean San Frantzisko Xabier ikastola irakaskuntza kooperatiba gisa eratu zen.

1970. urtean kooperatibeetako hainbat emakume langilek lanean zeuden bitartean beren seme alabak zaindu eta hezitzeko Gipuzkoako lehendabiziko haurtzendegietariko bat sortu zuten, Umezaintza, horrela bide berria urratuz joan zen, hezkuntzarako eta emakumeak lan munduratzeko.

Urte beretsuan, hain zuzen ere, Leintz bailarako udalen bazkidetzarekin Eskoriatzako Marianisten Dorletako Ama ikastetxea Almen ikastetxea bihurtu zen eta geroago 1979. urtean kooperatiba gisa eratuz ikastola bezala jarraitu zuen bere jarduera, ikastetxe honetan zenbat arrasatear hezitu eta hezten ari diren aipatzekoa da.

1976-1977 ikasturtean Arrasateko Institutua sortu zen, bere lehendabiziko kokapena Altamira auzoan izan bazen ere, geroago 80ko hamarkadaren hasieran Musakola auzoan finkatu zen, horrela bukaera emanez, irakaskuntza publikoari dagokionez, Batxilergo eta UBI ikasketak egiteko Oņatira eta Bergarara joan beharra izateari.

Abian ziren hainbat ikastetxek zuten hezkuntza eskarmentuan eta legeria-aldaketan oinarrituz 1980. urtean eskola publikoen agertze indartsua eman zen, San Andres herri eskola, Ferixalekua herri eskola, 1970. urtez geroztik martxan, eta Erguin herri eskola (1981. urtean) Arrasateko hezkuntza sistemaren eragile esanguratsu gisa beren hezkuntza ibilbidea jorratuz hasi baitziren.


ARRASATEKO UDALA    Herriko Plaza, z/g 20500 Arrasate (Gipuzkoa)    Tel.: 943 252000
udala@arrasate-mondragon.net

Code & Syntax-ek garatutako webgunea Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA | es