Arrasate. Irudiak.
Arrasate Argitan kultur elkartea.
ARRASATE ARGITAN KULTUR ELKARTEA; 2.003
163 or.
I.S.B.N.:84-607-8079-1
_________________________________________________________________
SARRERA (Jose Felix Diaz de Tuesta)
"Arrasate. Irudiak. Horixe da liburuaren izenburua eta horixe bera aurkituko duzu bertan: Arrasateko irudiak, argazki bilduma handia, gure herria nolakoa den azaltzen duena. Izan ere, Arrasate, XXI.mendeko Arrasate, azaltzen da liburuan eta, gainera, argazkietan islatua. Hortaz, bada, gure herriko mendiak, baserriak eta kaleak aurkituko dituzu. Jendea ere bai, lanean zein jai giroan. Azken batean, Arrasate, munduko herri guztiak bezala, hori baita: natura, arkitektura, jendea, lana eta festa.
Irudi bat mila hitz baino adierazgarriagoa omen da. Irudia hitzari uztartuta, are adierazgarriagoa, ordea. Testurik ere auketuko duzu, adierazgarri askoak, gainera. Guztiak lau hizkuntzatan -euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez-, bertakoek zein kanpokoek uler dezaten. Testuak laburrak dira, trinkoak. Arrasateri buruzko testu bakarra dago, Joxe Aranzabal kazetari arrasatearrak idatzitakoa. Euskal Herriari buruz, ordea, lau testu daude, lau ikuspegi azaltzen dutenak. Koldo Izagirre, Antonio Álvarez-Solís, Eduardo Manet eta Selma Huxley-k idatzi dituzte. Historian zehar hainbat idazlek Euskal Herriari buruz esandako aipu laburrak ere bildu ditugu, zein baino zein mamitsuagoa. Argazkiek ere badute azalpenik, irudiak bere testuinguruan jarri nahi izan ditugu eta. Azkenik, liburu zerrenda bat prestatu dugu Arrasate edo Euskal Herriari buruz argibide gehiago nahi dutenentzat.
Arrasatera datozen bisitari guztientzat egin dugu liburu hau. Gehienak lan kontuak direla etortzen dira; gutxi batzuk turismo egitera edo Arrasateko senideak bisitatzera. Horiek guztiok badute gure artean egindako egonaldiko oroitzapenik etxera eramaterik. Arrasatearrek ere harrera ona egingo diote liburuari: bat baino gehiago harritu egingo da bere herriko paraje eta txokoak liburu honetako argazkietan ikustean.
Azkenik, esan beharra dago liburu hau, gure herriko beste hainbat ekimen bezala, elkarlanaren fruitu dela. Talde batek egin du, hainbat enpresa eta entitateren babesarekin. Eskerrik asko, beraz, guztioi."